Amiral gorri
Amiral gorri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Lepidoptera |
Familia | Nymphalidae |
Leinua | Nymphalini |
Generoa | Vanessa |
Espeziea | Vanessa atalanta |
Datu orokorrak | |
Ostalaria | Parietaria judaica, asun, Humulus, lupulu, Soleirolia soleirolii, Rami, Cirsium, Parietaria floridana, Parietaria pensylvanica, Asunbeltz, Helichrysum, Pipturus albidus, Boehmeria, Boehmeria cylindrica, Carduus, Horma-belar sendagarri, Sahats eta Laportea canadensis |
Zabalera | 51 mm |
Amiral gorria edo bulkana (Vanessa atalanta) Euskal Herrian aurki daitekeen tximeleta bat da, eta ia mundu guztian hedaturik dago. Kontraste handiko hego margodunak ditu, eta kamuflatzeko teknika ugari erabiltzen ditu. Amiral gorri izena, hegoetako lerro gorriarengatik eman zitzaion, itsas uniforme bateko xingola antza duelako.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina nahiko handiko tximeleta da amiral gorria, 5 zentimetro luze eta 7 zentimetro zabal izatera irits baitaiteke. Hegoen margoa iluna da, eta lerro gorrixka batek zeharkatzen ditu. Lerro gorrixka eta hegoaren ertzaren artean hainbat orban zuri agertzen dira. Hegoen atzealdeko ertza ere gorri-laranja margokoa izan ohi da, eta orban beltz txikiak izan. Uda inguruan margo argiagoa dute, eta gorputz-masa handiagoa izaten da. Hegoaren azpialdea arrea da, lurzoruaren tonuak antzeratuz. Gorputza eta hankak nahiko iletsuak izaten dira.
Beldarra zilindrikoa izaten da, eta arantzak izaten ditu gorputz osoan barreiatuta. Margo ilunekoak dira eskuarki, baina nahiko margo aldakorrak izaten dituzte. Kuskuaren margoa ere apala da, arrea, hain zuzen ere.
-
Vanessa atalanta
-
Vanessa atalanta △
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ia mundu guztian hedaturik dagoen tximeleta da. Ingurune oso hotzetan salbu, gainerako lurralde guztietan dago, Hawaii eta Zeelanda Berria gisako uharteetan barne. Hotz handia jasateko gai ez direnez, negua ingurune epelagoetan igarotzeko migratzen dute iparraldean bizi ohi diren populazioek. Migrazio garaian ingurune subtropikaletik hasi eta tundraraino aurki daitezke.
Euskal Herrian ere edozein txokotan aurki daiteke goi-mendian salbu.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ia ingurune guztietan aurki daitezke tximeleta hauek, baso, urmael, larre, lorategi eta abarretan. Beldar gazteak sahats, zurzuri eta zumarretako hostoetan bizi ohi dira eta helduek hosto eta zetazko habia eraikitzen dute aipaturiko zuhaitzetan. Ohikoa izaten da bulkana-beldarrak asun artean aurkitzea, baita ere, aipatu landarearen hostoez elikatzen baitira. Hotz handia jasateko gai ez direnez, 2.000 metroko garaieratik behera bizi dira.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amiral gorri arrak tximeleta lurraldekoiak dira. Arrek 4-13 metro zabal eta 8-24 metro luze den lurraldea kontrolatzen dute. Horretarako, beren lurraldearen ertzak patruilatzen dituzte, eta sutsuki babesten dute gainerako tximeletengandik.
Maniobra arinak egiteko gai den tximeleta da eta hegaldian zehar norabide aldaketa bortitzak egin ditzake. Jarduera handiena udaberrian azaltzen dute, apirila eta maiatza aldean, batez ere, nahiz eta martxoa eta azaroa bitartean hegaz ikus daitezkeen. Banako helduek neguan hibernatu egiten dute.
Harrapariengandik babesteko kamuflajea da tximeleta honek erabiltzen duen teknikarik esanguratsuena. Lurrean pausatzen denean, hegoak itxi egiten ditu hegoaren azpialdeko margo eta marrazkiak lurrarekin nahas daitezen. Landare eta lore asko dagoen inguruan pausatzen bada, ordea, hegoak ireki eta hauen goialdea erakusten du.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banako arrek beren lurraldearen inguruko lurrak patruilatzen dituzte eme bila. Leku eguzkitsuetan pausatzen dira arratsalde erdi aldera ingurutik igarotzen diren emeen zain. Baten bat ikusiz gero, bere atzetik hegan egin ohi dute. Ernalkuntza gertatu ostean, emeak hostoren baten goialdean uzten ditu arrautzak.
Vanessa atalanta gehienek bi belaunaldi izaten dituzte. Lehenengoa uztaila inguruan izaten da, eta bigarrena irailean.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Imagoa, tximeleta heldua alegia, zuhaitzen sapa eta loreen nektarraz elikatu ohi da, batez ere. Beldarra, berriz, asun eta lupulu hostoez elikatu ohi da.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Shot at Kullu, Himachal Pradesh
-
Shot at Kullu, Himachal Pradesh
-
Underside of Red Admiral, specimen from Michigan
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alberdi Estibaritz, Antton. Almirante gorria, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzia.. .[Betiko hautsitako esteka]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amiral gorri |